Kulturartekotasuna eta elkarbizitza aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian

Back

Kulturartekotasuna eta elkarbizitza aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian

Jardunaldia

Kulturartekotasuna eta elkarbizitza aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian

Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean egin den bosgarren kulturarteko jardunaldian elkarbizitzari eta ekitateari jarri diete arreta bertaratu diren 80 parte-hartzaileek. Ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoak eta ikasleak elkartu dira jardunaldian.

2024·12·13

$titulo.getData()


Bosgarrenez egin da kulturarteko jardunaldia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Eskoriatzako campusean. ‘Kulturartekotasuna eta elkarbizitza. Zer ikasi dugu eta zer dugu ikasteko?’ izenburupean kulturartekotasuna, ekitatea eta elkarbizitza izan dira aztergai. Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak ireki du jardunaldia, azalduz fakultatearen “misioarekin” eta “balioek” auzia bete-betean lantzea dakarrela: “Gauza asko ikasi ditugu, arlo batzuetan aurrera egin dugu (parte hartzeko tresnetan, kulturartekotasuna eta kultur aniztasuna ulertzeko moduetan…), baina asko dugu oraindik ere jorratzeko, oraindik ere desberdintasunari eta diskriminazioari aurre egiteko urratsak eman behar dira, eta eragile aktibo izan behar dugu horretan”.

 

Ondoren, gaiari begirako kokatze-hitzaldia egin dute Ane Urizar, Marta Quintas-Quintas eta Amelia Barquin Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariek. Aurreko edizioetan hizkuntza izan da kulturarteko jardunaldiaren gai-ardatza; bosgarren edizio honetan, elkarbizitzarekin eta ekitatearekin lotuta ikastetxeetan dauden hainbat erronkari begiratu diete.

 

Ane Urizar Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak ireki du sarrera-hitzaldia, datuetan oinarrituta Euskal Herriko errealitatearen berri emanez. Jarraian, Amelia Barquin Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak azpimarratu du ikastetxeetan gero eta argiago dagoela zenbait gai elkarrizketara eraman behar direla: “Garrantzitsua da elkarrizketak izatea, eta ziurtatzea elkar ulertzen ari garela, prozesuari garrantzia emanez. Gaiak gatazkatsuak direla onartuz, ezinbestekoa da bestea errekonozitzea eta enpatiazko eta kortesiazko jarrera mantentzea, egoerak banaka tratatzea (eta ez gatazka guztiak batera), entzuteari denbora emanez, eta helburua ikaslea dela presente izanda. Arazoa edo eskaera deifinitzeko, ikaslearen kezka partekatuetatik abiatu behar gara”. Gatazka bizitzaren eta beraz, eskolaren, parte dela ulertzea garrantzitsua dela azpimarratu du Barquinek: “Gatazkek alderdi batzuk birpentsatzera garamatzate. Eskolarara gizartean dauden gatazka berdinak iristen direnez, ulertu behar dugu elkarbizitza-eremu hori ikasteko gune pribilegiatua dela”. Marta Quintas-Quintas ikerlariak, berriz, familien eta irakasleen arteko harremana sustatzeko estrategiak aztertu ditu: “Harrera momentuak gakoa dira halako egoeren artean; irakaslea gurasoengana gerturatu eta komunikazio ohitura sortzea garrantzitsua da. Egunerokoan, egokia izan daiteke irakasleen eta gurasoen arteko bilerak sistematizatzea, familia etorkinek irakasleen konpromisoa nabaritu dezaten beraien seme-alaben ongizatearekiko. Enpatiaz, adeitasunez eta arduraz aritzea beharrezkoa da, eta ez tutoreen kasuan bakarrik, zuzendaritza taldeek ere ardura dute horretan”.

 

Irakasleen, ikasleen, familien eta adituen ahotsak

 

Ostean, irakasleen ahotsak bildu dituzte jardunaldiko lehen mahai-inguruan. Marta Quintas-Quintas fakultateko ikerlari eta irakaslearen gidaritzapean jardun dira Eli Dominguez, Amaia Jackson eta Saioa Gomez Tejeria irakasleak. Hiru profesionalek bat egin dute ikastetxeetan gizarteko arrazakeria sistematikoa erreproduzitzen dela esaterakoan. Amaia Jacksonek azpimarratu du “gogorra” dela askorentzat gizarte arrazista batean bizi garela esatea, gehienok ez dugulako arrazistak izan nahi, baina onartzea da konponbiderako lehen urratsa. Haur Hezkuntzan ari naiz ni, eta 4-5 urteko geletan dagoeneko ikusten dira jokabide arrazistak. Irakasleok horiek moztera jotzen dugu, baina ez dugunez formakuntza zehatzik, bakoitzak bere estrategiak ditu. Irakasle-geletan ere badaude jokabide arrazistak, eta ni, pertsona arrazializatu moduan, ohartzen naiz horretaz, baina estrategia orokorra falta zaigu”. Saioa Gomez EUSLE programan aritzen da lanean, eta hasiera-hasieratik ikastetxean dauden baliabideak familien eskura ere jartzearen garrantzia azpimarratu du: “Komunikazioa eta harremanak ondo landuta, jarrera positiboagoak garatzen dira euskararekiko, bai ikasleen bai gurasoen aldetik ere”. Eli Dominguezek azaldu du askotan aurreiritzietatik abiatzen dela familiekiko harremana ere, eta harreraren garrantziaz hitz egin du: “Askotan, familia etorkinek ez dute hemengo hizkuntza-errealitatearen berririk jasotzen ikastetxearekin duten lehen harremanaren aurretik, ez delako lanketarik egiten, eta nik bizi izan dut familia horiek diskriminatuta sentitzea bilera batean, ez dutelako ulertzen zergatik ez den bilera erdaraz egingo, denek erdaraz ulertzen badute. Harrera planak ondo lantzeak garrantzia du”. Egoera sozio-ekonomikoari begiratzea ere ezinbestekoa da Dominguezen ustez: “Antolatzen ditugun ekintzak hain garrantzitsuak badira, denen esku jarri behar dira ekintza horiek”. Mahai-ingurua ixteko, irakasleek eta ikastetxeetako arduradunek etengabe formakuntzan jarraitzea beharrezkoa dela azpimarratu dute.

 

 

 

Jarraian, ‘Kulturarteko bizikidetza ikastetxeetan. Zenbait gogoeta’ hitzaldia eskaini du Moufdi Kamelek, Biltzen Integraziorako eta kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal zerbitzuko ordezkariak. Kamelek azpimarratu du protokoloak sortzetik harago joan behar dela: "Gertakari arrazista eta xenofoboen aurrean protokoloak sortzea garrantzitsua da, gero eta erakunde gehiagok dituzte jarduera-gida horiek, baina premiazkoa da jarduera-eremu bakoitzean ekintza zehatzak egitea: hitzaldiak gaztetxeetan, bullyingaren aurkako planak kirolean, berbalagun taldeetan edo Euskaraldian parte-hartzea sustatzea... Erakundeei dagokienez, ekintza horiek sailez saileko ekintza espezifiko gisa diseinatzeari utzi behar diogu, zeharkako planak izan behar dute, ez sailez sail isolatutako ekintzak. Elkarlanean aritu behar dira Euskara, Migrazio, Kultura edo Kirol arloak, ez bakoitza bere aldetik".

 

Bukatzeko, bigarren mahai-ingurua egin dute familien eta ikasleen ahotsak jasotzeko. Hajar Samadi, Ruba Hassan, Yuan Alexandra Martínez Pareja eta Safuan Tahiri aritu dira Sara Jimenez de Aberasturi fakultateko ikerlari eta irakaslearen galderei erantzuten.

 

‘Kulturartekotasuna eta elkarbizitza. Zer ikasi dugu eta zer dugu ikasteko?’ jardunaldia