Ikastetxeen esperientziak eta ikerketa, Bilbao AS Fabriken egin den koirakaskuntza jardunaldiaren ardatzak
Ikastetxeen esperientziak eta ikerketa, Bilbao AS Fabriken egin den koirakaskuntza jardunaldiaren ardatzak
Ikastetxeen esperientziak eta ikerketa, Bilbao AS Fabriken egin den koirakaskuntza jardunaldiaren ardatzak
Jardunaldian, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileek, Marta Sandoval Mena Universidad Autonoma de Madrideko ikertzaile eta irakasleak eta Euskal Herriko lau ikastetxeetako ordezkariek hartu dute parte.
Gaur, otsailak 14, koirakaskuntzari buruko jardunaldia egin du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. ‘Irakaskidetza esperientziak ikaste-irakaste prozesuetan’ izenburu hartuta, jardunaldian parte hartu dute Mondragon Unibertsitateko zein kanpoko ikertzaileek. Horrez gain, mahai-ingurua egin dute Jesuitak Donostia Ikastetxeko, Anoetako Herri Ikastolako, Tolosako Herrikide Ikastetxeko eta Tolosako Laskorain Ikastolako ordezkariekin. Bilbao AS Fabriken egin duten jardunaldian 100 irakaslek hartu dute parte.
Eneritz Garro Humanitate eta Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak eman die ongi-etorria parte-hartzaileei, jardunaldiak urtero “irakasleen eguneroko azeleratuan gai bati buruz luze eta zabal aritzeko” aukera ematen duela azalduz, eta “unibertsitatearen eta eskolaren arteko harreman sendoaren garrantzia” azpimarratuz.
Ikerketa oinarri
Jardunaldiari hasiera Marta Sandoval Mena Universidad Autonoma de Madrideko ikertzaile eta irakasleak eman dio, ‘Transformando el aula: Lo que nos dice la investigación sobre codocencia’ hitzaldiarekin. Hitzaldian, koirakaskuntzari buruzko ikerketetan jasota dauden hainbat ezaugarri bildu ditu adituak. Azaldu duenez, kontzeptutik bertatik hasita, askotariko definizioak daude jasota, baina gaur egun adostasun handienez horrela definitzen da ikerketan ‘koirakaskuntza’: “Koirakaskuntza esperientziatzat hartu daitezke planifikazioan, irakaste-egoeretan eta ebaluazioan bi irakasle ari diren prozesuak. Bi irakasle horiek modu parekidean aritzea ezinbestekoa da koirakaskuntza gertatu dadin”. Definizio hori indartzen duten hainbat ezaugarri aipatu ditu Sandoval Menak: “Bi hezitzaile baino gehiago aritzea talde bakarrarekin, espazio berean eta agerian egonda, ardura partekatua izan dezatela ikasgelan hartu beharreko erabakietan, eta rolak eta funtzioak modu parekidean banatuta izan ditzatela.
Koirakaskuntza ikertzerakoan dauden zailtasunak ere aipatu ditu Sandoval Menak: “Kontzeptu-homogeneotasuna falta da ‘koirakaskuntzak’ dakarrenari eta ereduei buruz. Ikerketa-lan kuantitatiboetan alde handia dago batetik bestera, eta azterlan kualitatibo gutxi dago. Ikerketak, gainera, testuinguruaren, laginaren edo baterako irakaskuntzaren egituraren araberakoak dira, eta horrek zailago egiten du emaitza homogeneoak lortzea”. Ikertzaileak faktore pertsonalaren zailtasunak ere azpimarratu ditu: "Ikasle batzuek erantzun dute nahiago dutela irakasle bakarra egotea gelan, beste irakaslea ez zaielako gustatzen”.

Esperientziak partekatzeko foroa
Hitzaldiaren ostean, Euskal Herriko lau ikastetxetako esperientzien berri jaso dute bertaratutakoek: Jesuitak Donostia Ikastetxeko, Anoetako Herri Ikastolako, Tolosako Herrikide Ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako ordezkariak izan dira hizlariak.
Jesuitak Donostia Ikastetxeko Alaia Fernandez eta Iziar Alvarez izan dira ikastetxeak koirakaskuntzan duen esperientzia azaldu duten lehenak. Azaldu dutenez, Lehen Hezkuntzan ezarri dute koirakaskuntza, eta “antolakuntza, ordutegia eta curriculuma” eraldatu dituzte ikastetxean “koirakaskuntzara egokitzeko”. Hezkuntza proiektuari koirakaskuntzak egiten dizkion ekarpenak “nabarmenak” direla diote: “Komunitatearen eta ikasleen arteko lotura sakonagoa da, ikaskuntza prozesu dinamikoagoa da eta komunitate-sentsazioa indartzea ekarri du”. Ikasleentzat moduan, irakasleen garapenean ere baditu onurak koirakaskuntzak, Jesuitak Donostia Ikastetxeko ordezkarien esanetan: “Profesionaltasun handiagoa eta eguneratze metodologikoa, talde-lanean motibazio handiagoa, ikaskuntza estraegia ezberdinak modu eraginkorrean erabiltzea eta hazkunde profesional handiagoa, laguntza gehiago eta motibazio handiagoa”.
Anoetako Herri Ikastolan 2020-2021 ikasturtean hasi zuten koirakaskuntza esperientziak abian jartzeko hausnarketa. 2022-2023 ikasturtean inplementatu zuten proba moduan, eta hedapenean ari dira orain. Irakasle-bikoteak egiterakoan, irakasleen adina eta esperientzia, proiektuaren ezagutza, genero eta profila hartzen dituzte kontuan; ikasturte amaieran balorazioa egiten dute. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan erritmo ezberdinetan ari dira, ikastetxearen ezaugarriei lotuta, baina koirakaskuntzan “sakontzen” jarraitzea da ikastetxearen helburua, besteak beste “elkarlana eta ordezkapenak errazten dituelako, eraldaketa errazten duelako, elkarrekiko ikaskuntza dakarrelako… Eta ikasleek irakasle gehiagorengana jo dezaketelako”.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako errealitatearen berri ere jaso dute parte-hartzaileek tailerrekin hasi aurretik. Tolosako Laskorain Ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendari Ainhoa Artolazabalek azaldu duenez, koirakaskuntzan ari zirela “jakin gabe” izan zituzten lehen koirakaskuntza esperientziak, Heziketa Fisikoan zuten behar zehatz bati erantzunez. Gaian sakonduz joan ahala joan dira eredua ezartzen, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko proiektuetan ezarri dute koirakaskuntza. Tolosako Herrikide Ikastetxeko zuzendari Mikel Aseginolaza izan da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako esperientziaren berri emanez: “Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako aldaketan eraikinez ere aldatzen dira ikasleak, eta egiteko modua ere aldatu nahi genuen hori aprobetxatuz. Lehen zikloan dugu ezarrita ‘Bizi’ proiektua, eta hiru lerroetako ikasleak batera aritzen dira gela berean, hiru irakaslerekin”. Aseginolazaren esanetan, “banaka edo taldeka laguntza emateko aukera gehiago” ematen ditu koirakaskuntzak, “inklusioari eta aniztasunari arreta egokiagoa” emateko tresna da, tutorearen presentzia “handiagoa” dakar ikasgelan, “erreferentzia gehiago” dituzte ikasleek, eta irakasleek “elkarrengandik ikasteko” aukera dute.
Koirakaskuntza: berrikuntza metodologikoa
Hezkuntzan gertatzen ari diren berrikuntza metodologiko eta pedagogikoen baitan, koirakaskuntza izaten ari da azken denboran indar handia hartzen ari den elementuetako bat. Koirakaskuntzaren helburu nagusia da bi irakasle edo gehiago elkarlanean aritzea ikaste-irakaste prozesuak elkarrekin diseinatu, gelaratu eta ebaluatuz. Koirakaskuntzak ahalbideratzen du gaitasun, arlo edo ezagutza eta esperientzia ezberdinak dituzten irakasleak elkarrekin gelan jardutera. Hain zuzen ere, EAEko curriculum berrian jasotzen diren eremukako ikaste esperientziak sustatzeko elementu gakoa izan daiteke koirakaskuntza. Arlo ezberdinetako irakasleak elkarrekin gelan arituz, ikasleari esperientzia aberatsagoa bizitzeko aukera eskaintzen dio. Gelako koirakaskuntza esperientziek ikasleen aniztasunari eta ikaskuntza estilo ezberdinei arreta pertsonalizatua eskaintzen laguntzen dute.