Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko gakoak aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak antolatutako jardunaldian

Atzealdea

Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko gakoak aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak antolatutako jardunaldian

Jardunaldia

Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko gakoak aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak antolatutako jardunaldian

Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean egin den jardunaldian hezkuntza komunitateak saretzeko gako nagusiak aurkezteaz gain, abian dauden esperientziak ezagutu eta aurrerantzean eman beharreko pausuez aritu dira bertaratutakoak.

2024·11·27

$titulo.getData()


  • ‘Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko zenbait gako’ liburua.

Hezkuntzari dagozkion hainbat arlotan ardura ezberdinak dituzten hogeita hamar ordezkari baino gehiago elkartu dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean egin den ‘Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko zenbait gako’ jardunaldian. Tokiko hezkuntza-komunitateen saretze prozesuetan aritu diren eta aritu nahi duten pertsonak elkartzea izan da jardunaldiaren helburu nagusia, eta hala, bertan elkartu dira besteak beste ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, familietako kideak, udaletako ordezkari tekniko eta politikoak… Izan ere, erakunde publikoetako eta administrazioetako ordezkarien iritzi eta ekarpenak jasotzea ere gakoa da tokiko hezkuntza-komunitateen garapenean.

 

Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eman dio hasiera jardunaldiari, “tokiko hezkuntza-komunitateei buruz hausnartzearen garrantzia” azpimarratuz, “lankidetzak ahalmen biderkatzailea” duelako. Ondoren, fakultateko irakasle eta ikertzaile den Olaia Jimenez Arrieta arduratu da gaia aurkezteko sarrera-hitzaldia egiteaz. ‘Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko zenbait gako’ hitzaldian, izen bereko liburuxka argitaratu-berrian jasotako ideia nagusiak plazaratu ditu Jimenezek. Hezkuntza komunitateak saretzearen garrantzia azpimarratu du tokiko hezkuntza-sareen bidez eta horretarako 7 gako nagusi zerrendatu ditu eta horietan sakondu du, hauek dira: komunitate konpromisoa, komunitate-kofiantza, konfiantza soziala, kooperazioa, lidergo eraldatzailea, parte-hartze komunitarioa eta helburuen arteko interdependentzia. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irasle eta ikerlariak elkarlan kultura berdinkide bat sortzeko aukera dagoela adierazi du.

 

 

 

Ostean, ‘Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko estrategiak eta prozesuak: esperientzia trukea’ mahai-inguruan, eguneroko jardunean tokiko hezkuntza-komunitateak saretzeko lanean ari diren lau hizlari elkartu dira: Josu Curiel, Errenteriako Bizarain BHIko zuzendaria, Jasone Giraldo, Arrasateko Udaleko zinegotzia, Eneko Lasa, Ordiziako Urdanetarrak Guraso Elkarteko kidea eta Maite Azpiazu, Oinherriko kidea eta herri hezitzaile prozesuen bideratzailea.

 

Udalerrietan hezkuntza arloko erronka nagusiak zein diren hausnartzen aritu dira hizlariak, besteak beste. Eneko Lasa Ordiziako Urdanetarrak Guraso Elkarteko kideak azaldu du hezkuntzari dagozkion erronkak hezkuntza esparrutik haragoko errealitate bati dagozkiola: “Herri-erronkak dira, ez hezkuntzakoak bakarrik. Ordizian desoreka handiak daude zentzu askotan (euskarari dagokionean, egoera sozioekonomikoari dagokionean…). Ordizian, eta Ordizia moduan Euskal Herrian badira beste herri asko, aurre egin beharreko erronka nagusia eskola-segregazioa dutenak, eta herri-erronka da hori, eragina duelako herriko elkarbizitzan, berdintasun sozialean zein euskalduntze prozesuetan”. Hari horri tiraka, Jasone Giraldo Arrasateko Udaleko zinegotziak azaldu du hezkuntzako erronkei “herritik” egin behar zaiela aurre, eta “modu saretuan”: “Arrasaten euskararen transmisioaren kezkatik abiatu ginen diagnosia egiten, eta bizikidetza, elkarbizitza eta kohesioa moduko erronketara iritsi ginen. Baina garrantzitsuena izan zen herriko hezkuntza-sistema osatzen dugun eragile guztiak elkartu eta beldurrik gabe hitz egitea, elkar-ezagutza hori ezinbestekoa delako, bakoitza bere inertzietatik eta bere “irlatik” ateratzeko. Horrela ohartu ginen erronka eta kezka berdinei erantzun nahian ari ginela. Inauterietan ekintza bateratuak egin zituzten herriko ikastetxeek, eta modu batean, inflexio-puntua ekintza xume hori izan zen”. Maite Azpiazu OinHerriko kideak azaldu du “eskuzabaltasun ariketa bat” izaten dela “hezkuntza-komunitateak sortzeko prozesua”: “Oso ‘zureak’ diren gauza batzuk albo batera uztea eskatzen dizu. Lau behar nagusi daude hezkuntza-komunitateak sortzeko prozesuetan: espazioak behar dira (eta hasieran izan behar dira bideratutako edo dinamizatutako foroak), denbora behar da foro horientzat, sinetsi egin behar da prozesuaren garrantzian, eta baliabideak eskaini behar zaizkie prozesuei (batez ere udaleko hezkuntza teknikarien babesa behar izaten da, baina Euskal Autonomia Erkidegoan gutxi dira arlo horretako teknikariak). Errealitatea da, askotan udalen borondatearen gain gelditzen dela prozesu hauen biziraupena”. Josu Curiel Errenteriako Bizarain BHIko zuzendariak, berriz, azpimarratu du Errenterian hezkuntza-komunitatea eratzeko prozesua izan dela herriko hezkuntza komunitateko kideak elkar ezagutzera eraman dituena, eta horren ondorioa izan dela herria bera hobeto ezagutzea: “Erronka honi aurre egin nahi izateak, sarea sortzeak ekarri du herri moduan pentsatzea”.

 

Bukatzeko, ariketa kolektiboa osatu dute jardunaldira bertaratukoek, taldeka hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera izanda.

 

'Tokiko hezkuntza-komunitateak saretzeko zenbait gako' jardunaldia