Mikel Iribecampos Juaristi ikasleak BIKAIN kalifikazioa lortu zuen
Mikel Iribecampos Juaristi ikasleak BIKAIN kalifikazioa lortu zuen
Mikel Iribecampos Juaristi ikasleak BIKAIN kalifikazioa lortu zuen
- Tesi titulua: Effect of independently controlled clamping loads on Toroidal type Continuously Variable Transmissions considering the influence of contact scale and spinning
Epaimahaia:
- Lehendakaritza: Giuseppe Carbone (Politecnico di Bari)
- Bokala: Enrique Chacón Tanarro (Universidad Politécnica de Madrid)
- Bokala: Alberto Porras Vázquez (Shell Global Solutions)
- Bokala: Maider García de Cortázar Aguirrezabal (Tecnalia Research and Innovation)
- Idazkaritza: Iñigo Llavori Osa (Mondragon Unibertsitatea)
Laburpena:
Sistema baten efizientzia energetikoa handitzeko, transmisio aldakor jarraiek (CVT) beren transmisio erlazioa etengabe leuntasunez egokitzea ahalbidetzen dute. Dauden mekanismoen artean, toroidal motako CVTak (T-CVT) sarrerako eta irteerako diskoek, eta horien artean sortzen den barrunbe toroidalean dauden arrabolek osatzen dute, non momentuaren transmisioa bi ukitze punturen bidez gertatzen den: bata, sarrerako diskoaren eta arrabolen artekoa, eta bestea, arrabolen eta irteerako diskoaren artekoa. Ukitze puntuetan potentziaren transmisioa eraginkorra izan dadin indar normal altuak behar dira lubrifikatutako trakzioa (marruskadura) handitzeko, horretarako estutze gailuak erabiltzen dira. Puntu bakoitzaren geometrian eta portaera zinematikoan ezberdintasunak egon arren, gaur arte bi ukitze puntuetan indar normal berdina kontsideratu izan ohi da; nolanahi dela ere, desberdintasunak espero daitezke kargak baldintza lokaletara egokitzen direnean. Beraz, tesi honen helburu nagusia T-CVTen efizientzia iragarri eta ebaluatzea da, sarrerako eta irteerako ukitze puntuetan esku hartzen duten estutze indarrak modu independentean kontrolatuz.
Trakzio handia behar duten transmisio horietan, eskala handiko gainazalek eta spin mugimenduak trakzioa murrizteko joera dute. Hala ere, bi fenomeno horien efektu konbinatua ez da sakon aztertu. Horregatik, eredu erdianalitiko bat garatu da, disko eta arrabolen arteko ukitze puntuetako trakzio koefizientea iragartzeko. Emaitzek erakusten dutenez, trakzio koefizientea kontaktuko tamaina baxutan eta spin abiadura txikian handitzen da, momentua transmititzeko egokia izanik.
Gainera, T-CVTen trakzio oreka eta efizientzia aurreikusteko eredu analitiko global bat garatu da, eta ukitze puntu bakoitzeko estutze kargak modu independentean kontrolatu dira. Emaitzek adierazten dute transmisio horren efizientzia murriztu egiten dela, bai irristadura longitudinal baxu, zein altuko baldintzetan; estutze kargek ukitze puntuetako irristaduran eragiten dutelarik. Aldiz, ikusi da puntu bakoitzak modu desberdinean jokatzen duela eskala efektuen ondorioz.
Azkenik, T-CVT prototipo bat diseinatu da proposatutako ereduak balioztatzeko eta lan-baldintza ezberdinetan efizientzia eta irristadura longitudinala esperimentalki neurtzeko. Gainera ereduetatik lortutako joera oso antzekoak lortu dira. Prototipoaren berrikuntza nagusia da, sarrerako eta irteerako estutze indarrak modu independentean kontrolatzea. Ikusi da, momentu baxuko baldintzetan, entseatutako estutze karga txikienarekin efizientzia handiena lortu dela, nahiz eta transmititu daitekeen gehieneko momentua txikiagoa izan. Neurketa esperimentalen arabera, sarrerako estutze kargak irteerako puntuaren portaerari eragiten dio. Beste era batera esanda, sarrerako puntuaren gehiegizko estutzeak potentzia galerak areagotzen ditu, irteerako puntura iristen den energia murrizten delarik. Azkenik, ondorioztatu da transmisioaren eraginkortasuna hobetu egiten dela estutze indarrak modu independentean kontrolatzen direnean, estutze indar berdinak kontrolatzeko egungo metodoekin alderatuta.