Kooperatibetako norbanakoen erantzukizunaz hausnartu dute Kooperatibagintzan Topaketaren 8. edizioan
Kooperatibetako norbanakoen erantzukizunaz hausnartu dute Kooperatibagintzan Topaketaren 8. edizioan
Kooperatibetako norbanakoen erantzukizunaz hausnartu dute Kooperatibagintzan Topaketaren 8. edizioan
‘Pertsonen erantzukizuna enpresa kooperatiboan’ izenburupean egin da 8. Kooperatibagintzan Topaketa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Eskoriatzako campusean.
Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak zortzigarrenez antolatu du Kooperatibagintzan Topaketa. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Eskoriatzako campusean 50 parte-hartzaile elkartu dira kooperatibetako norbanakoen erantzukizunaz hausnartzeko, eta horrez gain, ekitaldia online jarraitu dute nazioarteko 15 entzulek.
Topaketaren 8. edizioak ‘Pertsonen erantzukizuna enpresa kooperatiboan’ izan du izenburu moduan, eta kooperatibetako bazkideek erantzunkidetasunez jokatzeak zer esan nahi duen eta horrela jokatzeko baldintzak nola sustatu daitezkeen landu dute hainbat hizlarik.
Jardunaldiari hasiera Elena Perez Laneko eta Gizarte Segurantzako jarduneko sailburuordeak eta Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eman diote. Perezek adierazi du horrelako jardunaldiak antolatzea beharrezkoa dela, bai eta unibertsitateak kooperatibismoaren inguruan egiten duen lana babestea, Euskadiren berezigarri izaten jarrai dezan kooperatibismoak. Ipiñak gaineratu du kooperatibismoa aldarrikatzeko ere balio duela.
Jarraian, Igor Ortegak Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlari eta irakasleak “Erantzukizuna enpresa kooperatiboan: testuinguraketa eta ikerketaren emaitzak” hitzaldia eskani du, eta dagoeneko eskuragarri dagoen “Pertsonen erantzukizuna enpresa kooperatiboan” liburuan bildutakoak laburbildu ditu. Honen ostetik Unai Elorza Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikertzaileak lanaren jabe izateak dakartzan ondorioen inguruan hitz egin du “Erantzunkidetasuna sustatzeko lan testuinguruak” hitzaldian, eta adierazi du “pertsona ondo dagoenean enpresa errentagarriagoa dela, eta enpresa errentagarriago denean pertsona hobeto dagoela”.
Bigarren zatian, erantzunkidetasuna sustatzeko praktikak partekatu dituzte kooperatiba desberdinetako protagonistek, mahai-inguru batean. Bertan parte hartu dute Marta Carazok (Eroski), Javi Torrellak (Soraluce), Axier Lekuonak (Orkli) eta Iñigo Iñurrategik (Mondragon Taldea); gidari moduan Marixe Ruiz de Austri aritu da (Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia).
LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean dago kokatuta LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia. Hiru helburu nagusirekin sortu genuen ikertegia 2001. urtean. Bi betebehar nagusi ditugu LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian: lehena, unibertsitateko ezagutza eta kooperatiben praktika uztartzea; eta, bigarrena, bertako zein kanpoko errealitate kooperatiboan eragitea. Honako baliabideak ditugu horretarako: hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza, eta zabalkundea. Denak ala denak asmo nagusiago bat gauzatzeko: kooperatibismoa biziberritu eta urte hauetan guztietan kooperatibismoari buruz metatu dugun ezagutza eta esperientzia konpartitzea espazio ezberdinetan. Egun, hamabost profesional inguru gabiltza lanean LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian.