Ikastetxeetako esperientziak oinarri hartuta, koirakaskunzaren abantailak izan dituzte hizpide Eskoriatzako campusean

Atzealdea

Ikastetxeetako esperientziak oinarri hartuta, koirakaskunzaren abantailak izan dituzte hizpide Eskoriatzako campusean

Koirakaskunza Jardunaldia

Ikastetxeetako esperientziak oinarri hartuta, koirakaskunzaren abantailak izan dituzte hizpide Eskoriatzako campusean

Jardunaldian, parte hartu dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileek, Ana Hernandez irakasle madrildarrak eta Euskal Herriko lau ikastetxeetako ordezkariek.

2024·01·26

$titulo.getData()


Gaur, hilak 26, Koirakaskuntzari buruko jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Irakaskidetza esperientziak ikaste-irakaste prozesuetan izenpean, jardunaldian parte hartu dute Mondragon Unibertsitateko zein kanpoko ikertzaileek; gainera, mahai-ingurua egin dute Arrasateko Arizmendi Ikastolako, Donostiako Larramendi ikastetxeko, Gasteizko Sansomendi ikastetxeko eta Zangozako Zangoza Ikastolako ordezkariekin. Eskoriatzako campusean egin duten jardunaldian 130 irakaslek hartu dute parte.

 

 

Esperieentzietatik ikasi

Jardunaldiaren helburua izan da koirakaskuntzaren oinarriak ezagutaraztea eta ikastetxe ezberdinetan egiten diren gelako praktiken berri ematea. Horretarako, EAE, Nafarroa eta Madrilgo ikastetxe ezberdinetako aritu eta adituek esperientziak eta ezagutza partekatu dituzte.

 

Jardunaldia hasi da Karmele Perez Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Etengabeko Prestakuntzako zuzendariaren aurkezpenarekin. Perezek fokatu du gaia eta nabarmendu du “koirakaskuntza sistemikoaren” garrantzia, ikaskuntza helburuetara iristeko, barne-hartzen dituen sistema osoa: eskola-saioen antolaketa, espazioak, ikasle eta irakasleen rolak, egiteko moduak… 

 

Lehenengo hitzaldian, Mikel Etxaburu Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak desberdindu du koirakaskuntza eta ikasgela berean irakasle bat baino gehiago aldi berean jardutea. “Koirakaskuntzaz ari garenean, pertsona erdian jarrita, zen kolektiboaz ari gara: elkarrekin planifikatu eta aurrera eramatea ikaste-irakaste prozesu osoa”. Etxabururen ustean, “diziplinarteko dinamiketan aritzeko, inoizko tresna da bi, hiru, lau… zazpi irakasle elkarrekin jardutea ikasgelan”. Bukatzeko, Etxaburuk azpimarratu du “erakundearen konpromiso beharra” ko-dozentziak dakarren beharrei aurre egin ahal izateko.

 

Ana Hernandez Madrilgo Julio Verne Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakasleak koirakaskuntza eta diziplinarteko esperientziak partekatu ditu eta azaldu ditu ikastetxean hasitako eraldaketak izan duen eragin positiboa, tartean, ikasleen kalifikazioetan egon den gorakada. Hernandezek ohartarazi du koirakaskuntza eta diziplinartekotasuna ez dela "orain arte solte eman izan ditugun edukiak bateratzea, baizik eta gelako espazio eta denboraren arteko harremana aldatzea; koirakaskuntza eta diziplinartekotasuna da taldean lan egitea eta irakaskuntzari zentzua ematea".

 

Mahai-inguruaren txandan, parte hartu dute lau ikastetxeetako ordezkariek: Gasteizko Sansomendi ikastetxeko Amai Urkizak, Zangoza ikastolako Nagore Oriak eta Eneko Alkortak, Donostiako Larramendi ikastetxeko Jokin Gilisagastik eta Debagoieneko Arizmendi Ikastolako Unai Legardak.

 

Amai Urkiza Sansomendi ikastetxeko zuzendariak azaldu du koirakaskuntzak dituen abantailak, gelen bikoizketen aurrean. Gaineratu du, “behin, koirakaskuntzan hasita, klaustroko inork ez lukeela atzera egingo". Geroago, Zangoza ikastolako Nagore Oria zuzendariak azaldu du, ikastolaren ezaugarriak eta nortasuna ikusita, oso aukeraketa naturala izan dela “ikaskuntza partekatuaren bidea hartzea”. Larramendi ikastetxeko Jokin Gilisagastik azaldu ditu ikastetxean egindako aldaketak. 

 

Koirakaskuntzaren onura aipatzerakoan, solaskideek nabarmendu dute klaustroan duen eragin ona: elkarlana sustatu eta elkarren arteko konfiantza hobetzen ditu, irakasleen arteko elkarrizketa metodologikoa errazten du eta hezkuntza proiektuari ekarpen handia egiten dio. Bestalde, ikasleek bizi duten hobekuntzak zerrendatzerako orduan, azaldu dituzte koirakaskuntzarekin ikasleek erreferente gehiago dituztela, giro hobea eta gatazka gutxiago daudela ikasgelan eta ikaste-irakaste prozesuan parte-hartzea errazten duela. Amaitzeko, erronken artean, gaiaren gaineko formazio beharra nabarmendu dute.

 

Koirakaskuntza: berrikuntza metodologikoa

Hezkuntzan gertatzen ari diren berrikuntza metodologiko eta pedagogikoen baitan, koirakaskuntza izaten ari da azken denboran indar handia hartzen ari den elementuetako bat. Koirakaskuntzaren helburu nagusia da bi irakasle edo gehiago elkarlanean aritzea irakaste-irakaste prozesuak elkarrekin diseinatu, gelaratu eta ebaluatuz. Koirakaskuntzak ahalbideratzen du gaitasun, arlo edo ezagutza eta esperientzia ezberdinak dituzten irakasleak elkarrekin gelan jardutera. Hain zuzen ere, EAEko curriculum berrian jasotzen diren eremukako ikaste esperientziak sustatzeko elementu gakoa izan daiteke koirakaskuntza. Arlo ezberdinetako irakasleak elkarrekin gelan arituz, ikasleari esperientzia aberatsagoa bizitzeko aukera eskaintzen dio. Gelako koirakaskuntza esperientziek ikasleen aniztasunari eta ikaskuntza estilo ezberdinei arreta pertsonalizatua eskaintzen laguntzen dute.