Hobekuntza-obrak Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetako eraikinetan

Atzealdea

Hobekuntza-obrak Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetako eraikinetan

Obrak

Hobekuntza-obrak Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetako eraikinetan

Aretxabaletako campusean, eraikin berria gehituko diote egungo egoitzari; Eskoriatzan, aldiz, eraikin historikoan egokitzapenak egin dituzte.

2024·09·24

$titulo.getData()


Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea Debagoienan dituen bi campusetan egokitzapen eta hobekuntza-obrak egiten ari da hilabete hauetan. Aretxabaletako campusean, eta IdeiEnea egitasmoaren barruan, eraikin berri bat gehituko diote egungo egoitzari; Eskoriatzako campuseko eraikin historikoan, aldiz, hobekuntzak egingo dituzte, tartean, larrialdien hustuketa, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko moldaketak eta klaustroaren egokitzapena.

 

IdeiEnea proiektua Aretxabaletan

Komunikazio arloan aitzindari eta erreferente izaten jarraitzeko, proiektu berri bat jarriko du Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan: IdeiEnea. Bi helburu nagusi ditu proiektuak; batetik, komunikazioaren euskal ekosisteman esperimentazioa eta berrikuntza sustatzea, besteak beste, ekintzaileentzako bidelaguntza eskainiz; eta bestetik, erakundeei komunikazioaren alorrean talentua, ezagutza eta aholkularitza eskaintzea. IdeiEnea  esperimentazioa eta berrikuntza proiektu ekintzaileari leku egiteko, campusa handitu eta punta puntako teknologiaz eta baliabidez hornituko dute eraikin berria.

 

Bi solairu izango ditu oraingo egoitzaren eskubiko aldean altxatzen den eraikin berriak. Behe solairuan, eta merkatuan dagoen azken teknologiaz hornitutako, 200 bat lagunentzako aretoa egingo dute; bigarren solairuan, ostera, coworking espazioa eta terraza irekia egongo da. Premiaren arabera, eraikin berri hau modu independentean erabili ahal izango da. Obrarekin, 500 bat metro koadro irabaziko du Aretxabaletako campusak.

 

Egungo ikasleentzat gain, eraikin berria irekita egongo da ikasle ohi, erakunde eta enpresei, eta pasa den uztailean sinatutako elkarlan hitzarmenari esker,  Aretxabaletako Udalak antolatutako zenbait kultur ekintzen kokalekua ere izango da.

 

Egokitzapenak Eskoriatzako campusean

Eskoriatzako campusa hobetzen ere inbertsioak egiten ari da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Behin, 2020ko irailean, Dorleta eraikin berria inauguratu eta gero, campuseko eraikin historikoaren txanda iritsi da. Eraikin nagusia XVII. mendean altxatutako monumentu historikoa eta, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea izan aurretik, besteak beste, izan da ospitalea, eta biatoristen komentua eta ikastetxea. Eraikina ondare historikoa izendapena duenez, neurtuak dira bertan egin daitezkeen aktuazio arkitektonikoak.

 

Lehenengo fase batean, berrantolatu zituzten eraikin horretan kokatuta dauden harrera, administrazioa, idazkaritza akademikoa, dekanotza eta eraikineko komunak; oraingo fasean, berriz, larrialdietako hustuketa, irisgarritasun eta segurtasun kontuekin lotutako hobekuntzak egin dituzte.

 

Batetik, segurtasuna handitu eta, larrialdi kasuetan, eraikinaren hustuketa errazte aldera, eraikinaren alde bateko igoera eta jaitsierako ibilbideak aldatu dituzte; egin duten eskailera berriak ahalbidetuko du eraikinaren hustuketa egin ahal izatea ibilbide bakarretik. Bestetik, klaustroaren irisgarritasuna hobetu dute azalera guztia maila bakarrera ekarrita. Moldaketa hori eginda gainera, eraikina itzuli da XVII. mendean izan zueneko itxurara. Azkenik, eraikin nagusian kokatzen den LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiko egoitza ere birmoldatu dute. 

 

Campuseko eraikin nagusian egindako obrei esker, espazio berriak sortu dira eta zeudenak erabilgarriago eta irisgarriago izango dira hemendik aurrera.