Mondragon Unibertsitateak kooperatibismoan eta gizarte-ekonomian trebatu ditu Kolonbiako ekoizleak, bake-prozesuan.
Mondragon Unibertsitateak kooperatibismoan eta gizarte-ekonomian trebatu ditu Kolonbiako ekoizleak, bake-prozesuan.
Mondragon Unibertsitateak kooperatibismoan eta gizarte-ekonomian trebatu ditu Kolonbiako ekoizleak, bake-prozesuan.
Mondragon Unibertsitateak Kolonbiako ekoizle eta nekazariak kooperatibismoan eta gizarte-ekonomian trebatzeko misio batean parte hartu du, Wageningen-eko (Holanda) Unibertsitatearekin batera, Kolonbiako Unibertsitate Nazionalak eta hango beste hainbat eragilek gonbidaturik. Herrialdeak gaur egun bizi duen gerra osteko bake-prozesua aprobetxatu nahi izan dute Kolonbiako gizarte-, hezkuntza- eta ekonomia-eragileek lankidetza hori gauzatzeko. Izan ere, gizarte-ekonomian oinarritutako hazkunde- eta garapen-eredu propioa jarri nahi dute abian, herrialdeko ekoizle eta nekazariak kontuan hartuta, herritar guztientzako garapena eta onura lortzeko.
Mondragon Unibertsitateak astebetez jardun du azaltzen zer den kooperatibismoa herrialdeko nekazarien ordezkariei —Kolonbiako eskualde guztietako nekazari ia guztiak ordezkatzen dituzte—, bai Bogotan, bai landa-eskualdeetan. Eskualde horiek bost hamarkadatan egon dira gatazka armatuan murgildurik, harik eta bake-akordioak sinatu arte. Orain, bake-agertoki batean egin beharreko etorkizuneko antolakuntzari begira, ekoizle eta nekazari kolonbiarrek gizarte-ekonomiako eredua, haren balioak eta printzipioak ezagutzea izan da misioaren helburua. Kooperatibismoaren ezaugarriak ezaguturik, barne-hausnarketako prozesua egingo dute, herrialdean zer eredu ezarri nahi duten erabakitzeko.
Kooperatibismo aurreratua
Kolonbiak badu berezko kooperatibismo-esparru bat, baina horrek ez du zerikusi handirik Euskadiko mugimendu kooperatiboarekin. Horregatik, gizarte-ekonomiatik hurbilago dagoen eredu bat ezarri nahi dute, euskal kooperatibismoa eta beste batzuk erreferentziatzat hartuta; izan ere, euskal kooperatibismoa munduko aurreratuenetako bat da eta bere arrakasta nazioartean onartuta dago.
Kolonbiako politikaren, ekonomiaren eta hezkuntzaren alorretako eragileen azken helburua herrialdearen garapen ekonomikoa eta soziala ekarriko duen eredua ezartzea da. Horretarako honako printzipio hauek erabiliko dituzte, besteak beste: erantzukizun kolektiboa, elkarlaguntza, ahalegina, berdintasuna, elkartasuna, ekitatea eta demokrazia zuzena.
MONDRAGONen mugimendu kooperatiboa kasu arrakastatsutzat hartzen da munduko herrialde askotan. MONDRAGON Korporazioak kide duen unibertsitateak kooperatibismoari buruzko titulazio bat eskaintzen du, Gizarte Ekonomia eta Enpresa Kooperatiboa Unibertsitate Masterra, ikasleak kooperatibismoaren errealitatera hurbiltzeko. Bestalde, hainbat herrialdetan izan da eredu kooperatiboa eta horren inplikazioak azaltzen.