Amaia Lersundi: “Jakintza-arlo bakoitzean hizkuntza-eskakizunak desberdinak dira, bai terminologiari dagokionez eta baita ezagutza eraikitzeko eta komunikatzeko moduei dagokienez ere”
Amaia Lersundi: “Jakintza-arlo bakoitzean hizkuntza-eskakizunak desberdinak dira, bai terminologiari dagokionez eta baita ezagutza eraikitzeko eta komunikatzeko moduei dagokienez ere”
Amaia Lersundi: “Jakintza-arlo bakoitzean hizkuntza-eskakizunak desberdinak dira, bai terminologiari dagokionez eta baita ezagutza eraikitzeko eta komunikatzeko moduei dagokienez ere”
‘Cum laude’ nazioarteko aipamenarekin kalifikazioa lortu zuen Amaia Lersundik, pasa den urtarrilean Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Arloetako alfabetatzearen azterketa batxilergoko diziplinarteko proiektu batean. Kasu azterketa. Analysis of Subject-Specific Literacies in a Multidisciplanry Project in Upper-Secondary Education. Case Study" tesiak. Egilearekin hitz egin dugu tesi horri buruz.
Pasa den urtarrilaren 20an, Arloetako alfabetatzearen azterketa batxilergoko diziplinarteko proiektu batean. Kasu azterketa. Analysis of Subject-Specific Literacies in a Multidisciplanry Project in Upper-Secondary Education. Case Study nazioarteko tesia aurkeztu zuen Amaia Lersundi (Elgoibar, 1992) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Eskoriatzako campusean. ‘Cum laude’ kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Amaia Lersundiri.
Zein da doktorego tesiaren jorratu duzun gai nagusia?
Aztertu dut nola egiten den arloetako alfabetatzearen lanketa batxilergoko diziplinarteko proiektu batean. Hau da, aztertu dut proiektua osatzen duten jakintza-arloetan hizkuntzak duen rola, irakasle eta ikasleen iritzietan, erabiltzen duten material didaktikoan eta gelako praktikan arreta jarriz.
Nongo kasua aztertu duzu tesian?
Tesia kasu azterketa bat da. Arizmendi Ikastolan diziplinarteko proiektuak egiten dituzte batxilergoko lehenengo mailan. Aztertu dut gizarte zientzietako espezialitatean egiten duten proiektuetako bat. Proiektua sei arloz osatzen da: ekonomia, matematika, ingelesa, euskara, historia eta heziketa fisikoa; eta sei irakaslek hartzen dute parte.
Zeri esaten zaio “arloetako alfabetatzea”?
Arloetako alfabetatzea esaten zaio jakintza-arloetan (matematikan, historian, zientzian, literaturan…) berariazkoak diren komunikazio modu espezifikoei. Hau da, jakintza-arlo bakoitzean hizkuntza-eskakizunak desberdinak dira, bai terminologiari dagokionez eta baita ezagutza eraikitzeko eta komunikatzeko moduei dagokienez ere. Jakintza-arlo batean alfabetatzeak esan nahi du, dagokion edukia menperatzeaz gain, jakintza-arlo horretan ezagutza eraikitzeko eta komunikatzeko hizkuntza ere menperatzea. Gainera, ikasmailetan aurrera egin ahala, alfabetatzea eta testuak gero eta konplexuagoak dira, eta beraz, ikasleek gero eta hizkuntza espezializatuagoa garatu behar dute.
Zein laginarekin jokatu duzu tesian?
Gizarte zientzietako diziplinarteko proiektuetan aritzen diren zazpi irakaslek eta 25 ikaslek osatu dute lagina. Elkarrizketak egin ditut irakasleekin, eztabaida taldeak ikasleekin, irakasleek diseinatutako materiala aztertu dut, eta proiektuak irauten zuen bitartean ikasle eta irakasleen arteko gelako elkarrekintza aztertu dut.
Zeintzuk dira zure lanaren ondorio nagusienak?
Ondorio nagusiena da arloetako alfabetatzea ez dela modu sistematizatuan eta koordinatuan egiten, eta horrek eragina izan dezake ikasleen ikaste-prozesuan eta honen kalitatean. Izan ere, Pluriliteracies Teaching for Deeper Learning markoak dio arloetako alfabetatzeak garatu ezean, nekez iritsiko direla ikasleak ikaskuntza sakonagora. Diziplinarteko proiektuek antolaketa eta koordinazio argia behar dute, ez bakarrik espazio eta denbora antolamenduari dagokionez, baita ikuspegi pedagogiko eta didaktikoari dagokionez ere.
Nolako garrantzia dute diziplinarteko proiektuek?
Ez da ohikoena batxilergoan horrelako proiektuak topatzea, baina Curriculum berriarekin diziplinarteko proiektuak gero eta ohikoagoak izango dira Bigarren Hezkuntzan. Oraindik ere, asko dira diziplinartekotasunarekin ditugun erronkak, eta horiei erantzuteko ezinbestekoa da eskolan ikertzea. Zentzu horretan, tesi honek, nahiz eta kasu azterketa bat izan, diziplinarteko proiektuetan aritzeko lagungarriak izan daitezkeen pistak ematen dizkigu, bai eskolei eta baita Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari ere.
Zurea nazioarteko tesia izan da? Nolako esperientzia izan da?
Nazioarteko tesia izateko hainbat baldintza bete behar dira, besteak beste, tesiaren zati bat gutxienez ingelesez idatzita egotea, nazioartean egonaldi bat egitea, nazioarteko adituen txostenak lortzea eta epaimahaikideen artean nazioarteko adituak egotea. Nik hiru hilabeteko egonaldia egin nuen Jyväskylä-ko Unibertsitatean, Finlandian, eta zoragarria izan zen! Zailena atzerriko ikerlarien txostenak lortzea izan da. Tesiko atal bat euskaraz idatzita dago, eta atalaren amaieran ingelesezko laburpen bat gehitu dut; gainontzekoa ingelesez dago, eta atal bakoitzaren amaieran gehitu dudan laburpena euskaraz. Tesia bi hizkuntzatan idazteko hautuak ez du atzerriko txostenak lortzea erraztu, baina tesiari balio erantsia eman dio, eta merezi izan du.